BERRIAK
2012, Urriak 29
BILERA UDALETXEAN
Gaur Udal ordezkariekin bilduko gara prozesua abiarazteko aukerarik dagoen aztertzeko.
Hauexek dira talde sustatzailetik aurkeztu ditugun baldintzak:
Gure ustez, prozesuak WANTED lehiaketaren markoa gainditu duela jakinda, berau abian jartzeko marko berri bat zehaztu behar da Udala eta sustatzaileen artean.
Marko honek elementu ezberdinak hartu beharko lituzke bere gain:
Proiektuaren jarraitasuna bermatuko duen talde koordinatzailea sortzea: talde honetan jakintza teknikoak bermatuko dituen Udaleko Hirigintza arloko teknikari bat, erabaki politikoak hartzen direla bermatzen duen zinegotzi bat eta bestetik prozesuaren berri emango duen Getxoberpiztu proiektuaren ordezkari batek hartuko lukete parte.
Talde honetan obra eta prozesuaren jarraipena egingo litzateke, sortu daitezkeen behar eta arazoen aurrean irtenbideak topatuz eta prozesu guztiari sendotasuna emango dioten prozedimenduak martxan jartzen direla bermatuz.
Talde hau hilean behin bilduko litzateke.
Interlokuzio zuzena: talde koordinatzailea osatzen duten pertsonen artean harreman eta komunikazio zuzena egongo dela bermatuko da, horretarako borondatea eta prestutasuna erakutziko delarik.
Kronograma berria: proiektuaren jarraipena egiteko eta beroren zuzentasuna neurtzeko epe berriak adostu beharko dira Udala eta talde sustatzailearen artean.
Alde bakoitzaren ardurak eta eginbeharrekoak: Udala zein talde sustatzailearen ardurak eta betebeharrak zehazki zeintzuk diren aldez aurretik zehaztu eta adostuko da (obraren jarraipena, auzolanaren koordinazioa, prozedimendu administratiboak arintzea, gastuen banaketa etab.).
Hitzarmena: aurretik aipatutako zehaztapenak eta mahaiganeratu daitezkeen bestelakoak jasotzen dituen hitzarmena edota dokumentua sinatuko dute alde biek.
IRUZKINAK
2012, Uztailak 27
AGURRIK EZ?
Aurreko ostiralean Aldai patronatuan bildu ginen egoeraren inguruan eta proiektuaren etorkizunaz hitz egiteko asmoz.
Zalantzak argitu eta iritzi ezberdinak entzun eta partekatu genituen bertan. Urte guztiko nekea eta egindako lan guztiak ez ote du ezertarako balio? Zergatik eta zelan ailegatu gara egoera honetara? Zer egin dezakegu? Gelatik haratago jotzen zuen eguzkiak eta udako giro ederrak ez zuen lortu ezintasunak sortutako haserrea ezabatzea.
WANTED programaren laguntzapean garatutako proiektu honek ezin du aurrera jarraitu orain arteko baldintzetan eta markoan, baina horrek ez du esan nahi obra etorkizunean garatzeko aukerarik ez dagoenik edo prozesu partehartzailearekin hasitako bidea ezin denik jarraitu, baina beste forma eta epeen barruan izan beharko dela argi geratu zen.
Aukera hauek baloratzeko bilera irekia egingo da Irailean, honetan inplikatzeko asmoa daukan taldea osatzeko aukerarik dagoen aztertzeko.
IRUZKINAK
2012, Uztailak 13
GETXO BERPIZTU! bertan behera utzita
2011ko azaroan abiatutako Getxoberpiztu! prozesu partehartzailearen emaitza, Aretxondo kaleko orubearen eraldaketaren proiektua bertan behera uzten dela jakinarazi nahi dizuegu komunikatu honen bidez.
Etxolaren eraispena eta oruberako sarreraren eraikuntza obren gauzatzearekin lotuta dauden Udal kudeaketa arazoak direla medio, proiektua ezin da Udala eta talde sustatzailearen artean adostutako egutegian burutu.
Prozesuak espazio publikoaren eraldaketa fisikoa hasieratik biltzen zuela azpimarratu nahi dugu, eta gai honen kudeaketa eta erregularizazioa argitu beharrean nabarmendu du hasieratik talde sustatzaileak. Hala ere, Udalak ez du jakin administrazio prozedurak zegokion momentuan martxan jartzen.
Proiektuaren atal hau (etxolaren eraispena eta sarrera berriaren eraikuntza) espazioa irisgarri egiteko eta prozesu partehartzailearen emaitzaren irizpideak jarraitzeko ezinbestekoa dela uste dugu; auzolan tailerretan hiri-altzari, ortu eta bestelako eraikuntzak egiteak ez du zentzurik, bukatu gabeko espazioa izango genukeelako eta ez lukeelako prozesuan adostutakoa errespetatuko.
Gure iritziz, prozesu partehartzaileek ezin dute mugabarik luzatuak izan, bertan parte hartzen duten pertsonek (talde sustatzailea, talde motorea, auzokideak) borondatez egiten dutelako, berme eta epe batzuen barruan. Hau dela-eta, proiektuaren 3. fasea bertan behera geratzen da, obra gauzatzerik ez dagoela.
Dena den, honek ez du esan nahi proiektua etorkizunean egingo ez denik, Udalak prozesu partehartzailearekiko eta bukaerako diseinu-proposamenarekiko adostasuna azaldu baitu. Getxoberpiztu! hasieratik kolaborazioan oinarritutako herritar ekimen irekia izan dela kontutan izanda, talde sustatzailetik prozesu guztiak zehar sortutako materiala biltzeko esfortsua egingo da, berau kontsultatu, berrartu edo erabili nahi duen pertsona ororen eskura jartzeko.
Egoera puntu honetara heldu arren, esperientzia positiboa izan da eta erreplikagarria dela uste dugu; zentzu honetan engaiatutako pertsonen partaidetza eta dedikazioa eskertu nahiko genuke (baita Udalaren barruan jasotakoa). Oraindik ere, espazio publikoaren kudeaketan autogestioa eta administrazio tradizionalaren kudeaketaren erdibideko eredua beharrezkoa eta posiblea dela uste dugu, baina norabide horretan bide luzea egiteke dagoelaz ohartu gara.
Bestalde, hurrengo ostiralean, uztailak 20, arratsaldeko 19:00etan Aldain patronatuan izango den bilera informatibora etortzera gonbidatu nahi zaituztegu. Bertan, guzti honen inguruan lasaitasunez hitz egiteko aukera izango dugu.
Proeiktuaren helburuetako bat publikoa izan arren urteetan zehar itxita egon den espazio honen balioa azpimarratzea zen. Oraingo honetan espazioaren eraldaketa fisikoa ez da posible izango, baina tokiaren erreaktibazioaren aldeko ekimenak sortzen hasi dira. Adibide moduan, Algortako Gazte Asanbladak gozari herrikoia antolatu du Aretxondo kaleko orubean San Ignazio jaietako programaren barruan (Gazte Eguenan). Animatzen dizuegu bertara hurbiltzera eta espazioa eta jendeaz gozatzera.
Agur bero bat,
Getxoberpiztu!
IRUZKINAK